Artxanda,80. urtemugan
Ahoa ireki orduko
txistu bat;
ixilarazteko ausardirik ez duenez
xumeago solas egiteko agindua botatzen du.
Txistuari ene ahotsak urduritzen baitio.
Soinu bat aditu orduko
bertze txistu bat;
zer adituko duen beldur dagoenez
txintik ere ez aireatzea agintzen baitu.
Ezetza eman orduko
bertze txistu bat;
baietza emateko argudiorik ez duenez
ene jarrera ezkorra dela oihukatzen baitu.
Noraezean gabiltzala adierazi orduko
enegarren txistua;
norabidea okertu genuela onartzeko adorerik ez duenez
ene ahotsa aditu ez dadin,murriztu beharra baitu.
Ahotsa naiz
eta zarata naizela
sinistarazi nahi dit.
Hara non txistua ixildu da.
Ene ahotsarekin akitu duenean.
Ixilik dago.
Lasaia hartu du.
Ahotsari ez zaio aditzen.
Pakea.
Pake santua.
Orduan baina,
Txistuaren kemena ere ihartu da.
Txistuak bere kontraesan-xuxurlaketa
ixilarazi du.
Ez dago jada zurrumurrurik.
Ez da sumatzen ia inongo bibraziorik.
Txistuak bere mintzoa ito du.
Igual zaio.
Zerua baitu irabazteko.
kontua zen ixiltasunezko pakera iristea,
irri faltsuez betetako zerura ailegatzea
kosta ala kosta.
Txistuari, alta,
Kristalezko zoriontasun horretan
hanka sartu orduko
isiltasunaren erredura
infernu bilakatu zaio.
Esne mamitan bizitzeko
espejismoa desegin baita.
Instant horretan jakin du
isiltasunaren infernuan
bizitu beharko dela,
ixilik eta buru makur,
pekatari bailitzan.
Ez dago, dagoeneko,
soinu-jolearen esperantzarik izanen;
soil-soilik pekatari bezala
bizirauteko aukera
baizik.
Mutu.
Txistuk berak aukeratutako bidea.
Gurutzbidea.
Agorbidea.
Amildegi hotsa.
Ene ahotsak boz gora eginen du
orduan,
txistuaren gezurren oihartzunarekin
bukatu ahal izateko;
behingoz ,lotsatu dadin:
zanpatuen oihuei entzurgor egiteaz
onartutako injustiziaz
ixilarazitako egiaz
usteldutako arimaz
sufriarazitako bihotzaz
abandonatutako anaia-arrebaz
etsitako borrokaz
akomodatutako ahots-txistuaz.
Eta bere inkoherentzien,
bere beldurren,
bere kontradizioen,
bere koldarkeriren,
ispilu bihurtu banaiz ere,
ene ahotsa ,momentuz,
ixilarazi badu ere,
bere txistuaren indarra
akituko denean
ene ahots indarra
sortuko da,
benetan sortu,
beharrez sortu,
barrutik sortu,
egiez sortu,
sustraitik sortu.
Ene ahotsa
ez delakoz
inoiz
txistu bihurtuko.
Ene soinua
ez delakoz
inoiz
zarata izango.
(Gohartz)