Argazki analogikoa.lehenengoa.

komuna mugaire Deskubritu nuen argazkigintza 14-15 urte nituenean. Historiako irakasle berria etorria zen gure ikastetxera eta argazkitarako zaletasun sutsua zuenez, bere burua eskaini zuen ikastaroa emateko.

Madrilekoa zen izenez oroitzen ez naizen irakasle habanos erretzaile porrakatua; bere zigarro beltzaren kirats hark, halere, ez zigun esperimentazioaren gogoak kendu eta ikaskide baten aitaren Ibardineko kantinatik ebatsitako Whiston amerikanoa erretzen genuen, Patziku, erlijioko irakaslea, ” teología de la liberación” zelakoa azaltzen saiatzen zen bitartean. E, Patziku, herriko opioa pasatuko dizugu zuri ere bai? galdetzen genion burlati, aldi berean kontrabandoko whiston errubioa eskaintzen geniola .Brageta irekiarekin erakutsi nahi zigun kateximaren onurak .Gizarajoa!

Erlijioa aukeratzeko arrazoia oso sinplea izan zen: ez zen deus ere egiten. Garai hartan pisuzko arrazoia iruditu zitzaidan ordu bateko marmarrean zebilen apaiz lodikotea, loti ederra ere izatea eta sarri gure erlijio klaseak bere lo kuluxkarako parada bihurtzen zirenez…!Gora erlijio erreflexiboa eta ez genuflexiboa!

11 neska ginen letras puras-eko taldean; gure belaunaldiko gizasemeek, nonbait, ez zuten lirikarako denborarik. Halere, orain bezala, aukerako ikasgaika ere bananduta ginen, beti bananduta eduki behar dutela ikasleria ulertu dudan arte. Frantsekoak/ ingelesekoak; marrazketa/ argazkigintza; erlijio/ “etika”; letrak/ zientziak….e-ti-ke-tak.

Ni anglosajoien taldera apuntatu nintzen, gure anai-arreben disken letrak ulertuko nituelakoan; baina ez dakit nola bukatu nuen, azkenean eta zinez nere borondatearen kontra zela, ikastetxe parean zegoen ostatuan ,musean ikasten edo sinplemente erretzen eta solasten; batzuetan konspiratzera ere iristen ginen, ordu sindikalak eskatzeko nagian. Burokraziak dagoeneko ez zigun grazia pizarrik ere egiten -eta. Egun, “google traductor” dut nire pekatuaren fusta; ezjakintasunaren zerak, badakizue.

Nola hasi, hala bukatu edo hala hasi, nola bukatu, kontua da, egun gorroto dudala ingelesen hizkuntza; edo hobe erran, ez nau batere erakartzen; akaso, ohartu naizelako ez naizela sikiera ona museko engainuetan edo negargarria delako antzerkilari honen keinu ezin disimilatuak; paniko eszenikoak gailentzen bainau.

Hegemoniaren kontua ere hor zegoen. Sortu berria zen Ikasle Abertzaletik iristen zitzaigun informazioetatik xurgatuz , inperialismoaren kontzeptuaz jabetu ginen eta ingelesa hizkuntza imperialista zenik ezin ukatu. Hortxe izan nuen aitzakia perfektua, ingeleseko orduetan piperra egiteko.

Ikasle Abertzale taldea osatu genuen ere Mugairen eta gogoan dut gure lehen bilera Mugaireko kioskoan, bazkaldondoko errekreoan. Hontaz eta hartaz ari ginela, bat- batean koordinatzaileak,klase bukaeratan txirrinaren ordez, txalapartaren soinua aditzea bozgailutik proposatu zigun. Irriari eman nion, ezin kontu gainera. Koordinatzailearen begirada beltz malaletxe hark erran zidan ez zela broma botatakoa, proposamen serioa baizik.

Ez zidan inoiz barkatu nere blasfemia hura eta bileratan kikilduta egoten nintzen, deus errateko beldur. Hala panorama, taldea uztea erabaki nuen; nire historiaren konstantea da, inolako autoritatea jartzen didatenean aurrean talka izaten dut. Nik bertikalismoak plazerrezko gaietarako utziko nituzke soilik eta horizontaltasuna izendatuko nuke posizioetan posizioa, plazerrean zein politikan.

Dena dela, taldean ez zuen zalaparta handirik sortu txalapartarenak, Mugairen ez baikenuen txirrinaren torturaren berri; klaseak irakaslearen hiz jarioaren esku uzten zen. Trukoa zen bulla ateratzea mahai eta aulkiekin irakaslea aztora zedin eta klasea bukatutzat ematen zuen orduan.

Gaztetxoen pikareska.

Erraten nuen moduan, urte horietan, deskubritu nuen argazkigintzaren magia; argazkigintza analogikoaren magia, jakina.

Orduan, karreteak, eta zilar gatzak , kimika, finean, funtsezkoa zen. Zenbat ordu eman ditugun ikastetxeko laborategian xahaxatzen, esperimentatzen, debekatutako guztia egiten.

Gure ama harrituta neukan: ikastetxean ordu extrak sartzen? Berak oparitu zidan nere lehenengo argazki kamera, Ricoh markakoa; berak, jakinen zuen, bada , zer egiten ari zen.

Laborategiko lana, gure etxeko obradorean egotea bezala zen: aita bazegoen ez zegoen irinean esku sartzerik. hitzez hitz, aita okina baita. Baina, alde egiten zuenean, gure egiten genuen labe aldeko zirrikituak eta labeko eta formadora deituriko makinaren zinta garraitzailea.

Hantxe okertu nuen nere eskuineko hatz luzea; lauzpabortz urte nituen; ezkeroztik Meca aldera begira dago; batzuentzat, okertua, bertze batzuentzat, zuzenera begira. Kontua zen, batean edo bertzean , katua alde egiten bazuen, saguak dantza demonion hasten ginela, beti egin den lez. Horiek ziren gure errebelde izaeraren konzienziaren hastapenak.

Laborategian aprobetxatzen genuen, bada, gure irakasle txulapo -habaneroaren ausentziak eta orduan esperimentazioari ematen genion, ampliadoraren erabilerak biderkatu nahian, gustokoen bakerozko

txalekoa positibatzeko likidoekin erretzen bazen ere. Kimika puroa. Gurea kimika puroa zen.

Eskua, begia,burmuina batera egiten zuten lan. Kimikaren zilar hauts majikoak agertu arte. zuri beltzean. zuri, gris,beltzean. Baina saltseatsen gustora, beti gustora, inoiz baino gustorago.

Hementxe ba. oroitzapen politt horiek ekarri didan argazki zaharra : Mugaire institutuko komunak.piperra ( =kale, borota…) egiten ari ginen egun normal batekoa. Eta nere lehenengo argazki analogikoa.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s